XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Askatasun utsa, batasun gabe, naaspilloa litzake, anarkia; Batasun solla, askatasun gabe, nortasun oron eraille oi dugu; Maitasun utsa, beste bi aizpa oiek gabe, lorreziña duguke, utopi.

Argatik Sinaiko Jeobak maitasun lege bakarra amarretara sailkatu zigun; ta Agustin doneak irutara.

Jainkoaren amar aginduak = Agustiñen irurak.

Iru pertsona edo notin Jainko batean;- dirakasgu dotriñak.

Iru arauok nor bakoitzagan, daskaigu kristau anaitasunak, kristau demokraziak, gizalegeak...

Iru arauok gizaki ta gizatalde ta gizatalde bakoitzagan.

Bakoitz eta irukoitz dugu Jainkoa; ala bear luke, luke!, giza maitasunak: bakoitz eta irukoitz.

Nork ordea lortu, nortxok berebaitaratu, irutasun gurena uztarri batean, norbera bakoitzagan?.

Diojene-rekin jo billa berriro alperrik: hominem quoero.

Nork? Ta bai! gizaseme batek.

Bakar aretxek.

Seme galduaren parabolako Aita Onak. Jainko-Gizonak. Ezpaitzun Diojenek Golgota ezagun. Jugum meum suave. Jesus. Jesus. Jesus. Et Verbum caro factum est.

Irukoitz bata, aragitua, soindua!.

Jesusen Biotza!.

Urrutiko Jesus! urrutiegiko, urrutieneko Jesus!.

Bi milla urteotako laterri sonatuen gobernuetan noiz eta nun katolikutasunak mamitu dizu gero, Jesus, irutasun orren diñezko anaitasunik, eredugarrizko kristau demokrazirik, goi ta bekoen naiz bertako ta erbestekoen arteko ongiartze tajuzkorik?.

Geurera beintzat, erlijiuak gerraterik aski ekarri digu.

Erlijiua izan dugu euskaldunon gerrate danen edo beintzat ia danen suemalle ta luzarazle; ta baitare, gañera, euskotarron bitarazle.

Ez ote da ba zurea kristautasuna?.

Ain bestelako ote da?.

Ziñezko katolikuok lotsa onetxek erretzen gaitu, Jesus: orañarteko katoliku naziotan eztugu sekula kristau demokrazi jator bat ukan.

Ez ukan eta ezin etsaiei erakus, aien akarrak ixillarazteko.

Eta etsaiak eztagozkigu ixillik, ez geldirik.

Bein leizezuloratuazi ezkero jo ta bertan akabatuko luteken basauntzari antzo erasoten digute lau aldetatik oska eta ozka:(...).